Ingo xonau! Oñatiko nesken hitanoa jasotzeko proiektua abian jarriko du Udalak datorren urtean

2018/12/03
Card image cap
Oñatin galtzear dagoen nesken hitanoa jaso eta biziberritzea da egitasmoaren helburua

  Oñatin noka edo nesken hika galtzen ari denaz kezkatuta udalera jo zuen herritar talde batek. Nokaren egoera zein den jakiteko ikerketa egiteko proposamena helarazi zion Euskara departamentuari. Egun Oñatin noka aritzen diren hiztun gazteenek 60 urte inguru dituzte eta ezer egiten ez bada, erregistro berezi hori hamarkada gutxi barru desagertu egingo da.
Euskara Sustatzeko Ekintza Plana egiteko diagnostikoan ere ondorio hori atera zuten udal arduradunek, alegia, hitanoa gero eta gutxiago erabiltzen dela eta gainera, beti ez dela behar bezain zuzen erabiltzen.

  Herritarren nahiz udal ordezkarien kezka horrek Badihardugu elkartera jotzera eraman ditu, nokaren egoeraren diagnostikoa egiteko ikerketa bideratzeko. Badihardugu elkarteak baditu halako lanak gauzatzeko metodologia, baliabideak eta eskarmentua ere.

  Badihardugu elkarteak proposamen zehatza egin dio udalari. Egitasmoaren helburu nagusia Oñatiko noka jaso eta berreskuratzea litzateke. Baina badira beste helburu batzuk: erdararen eraginaren aurrean hitanoa eta erregistro informalak indartu, genero ikuspegia landu eta noka tokaren parean jarri eta bide batez, Oñatiko euskararen bizitasuna bultzatzea. Helburu horiek bi fasetan lantzea proposatu du Badihardugu elkarteak: Oñatiko nokaren diagnostikoa egingo da hasieran, gaur egungo egoera zein den jakiteko. Horretarako, herriko emakumeen testigantzen bidez hika jasoko da, ereduak finkatzeko. Bigarren fasean, zabalkundea landuko da: jasotako ondarea herritarren esku jarriko da lana benetan erabilgarria izan dadin. Oñatiko nokari buruzko ikus-entzunezkoa sortzea aurreikusten da eta interneten bidez zabaltzea. Horrela, nokaren egoeraren berri eman eta herritarrak kontzientziatzea lortu nahi da.

  Lana egitearren 7.700 euroko aurrekontua aurkeztu du Badihardugu elkarteak. Udal gobernu batzarrak ontzat eman du eta Ingo xonau! Oñatiko nesken hitanoa jasotzeko proiektua abian jartzea erabaki zuen osteguneko bileran. Egitasmoa 2019an zehar landuko da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!